XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Larratzea dela eta, larreetako landareek estrategia ekologiko bereziak garatu behar dituzte, eta honen ondorio diferentzialak landare-jasankortasunean ikusten dira, larratzearekiko jasankor bihurtzeko edo euren ugalketari eragingo ez dion biomasa-galera pairatzeko moldatzen baitira.

Modu honetan, urteetan larratzea pairatu arren aurrera egin dezakete.

Jasankortasunerako estrategien artean, zapaltzearekiko jasankortasuna eta herbiboroen aurkako babes mekaniko zein kimikoa aipa daitezke.

Larratzeak estaldurari, eta hazkunde- eta hilkortasun-tasari eragiten die eta landarearen dentsitatearen, maiztasunaren eta lehia-ahalmenaren arabera gertatzen da.

Dibertsitateari, lurzoruari eta landare-maiztasunari ere eragiten diela esan daiteke.

HERBIBOROEN ERAGINA ELIKAGAIEN ZIKLOAN

Herbiboroek toki jakin bateko elikagaien eskurapena alda dezakete; hauek landare-ehunak baino errazago deskonposatzen diren gorotz eta gernua bezalako eskreziotan eraldatzen dute beren bazka.

Deskonposatzaileek gorotzak nahikoa erraz deskonposatzen dituzte baina, ez da gauza bera gertatzen landare-materiala deskonposatzeko unean.

Aberediaren presioaren eraginez, jaten ez den bazka nekromasa moduan metatzen da eta hau abere-jatorria duen gorotza baino astiroago deskonposatzen da.

Honela, larreetako abereek elikagai-zikloa azkartzen dute.

Bestalde, kontuan hartu behar da landareek lurzorutik hartzen duten nitrogenoa inorganikoa edo mineralizatua dela.

Larratzeak larreetako elikagai-jarioari era askotara eragiten dio: zanpaketa, kontsumoa, gorotzen deposizioa, birbanaketa eta esportazioa.

Holland eta Detling-en arabera, denbora luzeko larratzearen menpe dagoen lehorreko landare-komunitatean, elikagai-zikloaren alterazioak gertatzen dira.

Larrea lurzoruaren eta larratzearen erabilera ezberdinen isla da.

Gorbeiako larreen egoera ikusteko, Arraba eta Aldamiñapeko larreak hautatu ditugu, Arrabako larreak Aldamiñapekoak baino abere-karga bortitzagoa jasaten duela kontuan izanik.

Honela, larratzearen eragin ezberdinak ikasi ahal izan ditugu.

Arraba eta Aldamiñapen bertan datu abiotikoak aztertu ditugu eta lurzoru-laginen pH-a, nitrogeno totala eta fosforoa neurtu ditugu.

Alde batetik, neurtu den pH-aren arabera, larre azido eta sendoki azidoak direla esan daiteke, baina bien artean ez da ezberdintasun esangarririk ikusi, ez eta fosforoaren kasuan ere.

Nitrogeno totalari dagokionez, ezberdintasunak daude larre bien artean, Aldamiñapek balio altuagoak erakusten baititu.

Arraban abere-presioa altuagoa da eta honek ezberdintasunak ekar ditzake nitrogenoaren zikloari dagokionez ; larratze-presio altuagoak nekromasa gutxiago metatzea du ondorio.